Turismoa

 

Durangoko Merindadea osatzen zuten 12 elizateetako bat Garai da. Batzar Nagusietan 6. jarlekuan egoten zen. Gaur egun [2010eko datuen arabera] 7,12 km2 dauzka eta 339 biztanle. Garaitarrek nekazaritzari eta abeltzaintzari ekin diote batez ere. Herriaren kokapena eta geografia kontuan izanda, ulergarria da (lurrak oso malkartsuak dira eta ez dago erreka handirik -beraz, burdinolarik ere ez zegoen-).

K.o. IX. mendearen inguruan eratutako jende-taldeak komunitate bilakatu ziren, eta komunitate horien hurrengo pausua kofradiak izan ziren. Kofradia haiek hasierako auzuneak edo herrixkak izan ziren. Jatorriz autonomoak ziren euren artean, baina gerora laguntasun-premia sortu zitzaien: azpiegitura-lanak egiteko (zubiak eta bideak esate baterako), garai istilutsuetan babesteko eta abar. Hori kontuan harturik, kofradiak elkartu egin ziren, baina era berean batzuek menpean hartu zituzten ingurukoak.

Garain bi espazio edo kofradia zeuden hasiera batean: Momoitioko San Juan ingurukoa eta Garaikoa bertakoa (jatorrizko kokagunea San Migel Goiaingerua elizaren inguruan zegoen). Bi multzo horiek elkartzerakoan sortu zen Garaiko elizatea. Bateratze-prozesua noiz gertatu zen zehatz esaterik ez dago, baina XI. eta XII. mendeetan gertatu zela pentsa daiteke. Gehienetan, eta Garain ere horixe gertatu zen, elizateak kofradia nagusiaren izena hartu zuen. Herritarrek elizaren aurrean elkartzeko ohitura izaten zutenez, hortik dator izena. Garaiko kasuan San Migel Goiaingerua elizaren aurrean elkartzen ziren. Elizateak sortu arren, kofradiek iraun egin dute. Erakunde politiko horiek eginkizun batzuk izan dituzte: arduradunak aukeratzea, zergak banatzea, kofradiaren eta elizatearen herri-basoak ustiatzea.

Gaur egun pertsona guztiok dugu boto-eskubidea (pertsona bakoitzak boto bat), baina orduko egitura hartan baserriari zegokion botoa. Baserri bakoitzeko boto bat, baserrian zenbat lagun bizi diren aintzat hartu barik. Kofradiaren eta elizatearen batzarrera joateko eskubidea, botoa emateko eskubidea eta abar, berez etxagunari (etxeko jaunari) zegokion.

Elizateko presidentea fidela (alkatea) izaten zen, eta laguntzaileak izaten zituen. Alkatea aukeratzeko ez zioten jarraitzen ohiko hauteskunde-sistemari. Baserri guztiek, etxagun guztiek hobeto esanda, bete behar zuten alkate-kargua. Alkatea aukeratzeko oso sistema berezia erabiltzen zuten. Elizateko bi kofradien izenak sartzen zituzten kapela batean. Ondoren, txartelak banan ateratzen zituzten kapelatik. Zerrenda hura halabeharrez egiten zen, zozketa bat balitz bezala. Lehenengo ateratako kofradiako baserrien izenak sartzen zituzten kapelan gero. Txarteltxo horiek ateratzen zituzten eta berriro ere halabeharrak eratzen zuen baserrien zerrenda. Horren atzetik, gauza bera egiten zuten bigarren kofradiarekin. Ondorioz, elizateko baserri guztien zerrenda finkatuta geratzen zen, hurrengo urteetako herriko arduradunena (kasu askotan mende erdirako ere izaten zen). Agintaldiak urtebetekoak izaten ziren. Dena dela, elizate bakoitzak bere ezaugarriak zituen. Esate baterako toki batzuetan errenteroek (maizterrek) bazuten eskubidea herrian kargua izateko, baina beste batzuetan ez. Fidelak edo alkateak lantza izaten zuen eskuetan jende aurreko ekitaldietan, batzarretan, dantzaldietan eta abar, bere boterearen sinboloa baitzen.

Garaiko historiari buruzko datuak urriak dira, baina horiek irakurrita herriko historia nahiko monotonoa izan zela suma daiteke. Garaitarren bizimoduan ez zen gertatzen gauza aipagarririk. Noizean behin borrokaldiren bat gertatzen zen, baina orduan ere herriko semeak bidaltzen zituzten borrokara eta herrian bakea izaten zen nagusi. Bestalde, bigarren mailako semeek (etxerako ez zirenak) baserritik alde egin behar izaten zuten; apaiz, militar eta Ameriketara bizimodua ateratzera. Beste batzuk hargin eta lan-maisu ibili ziren Gaztela aldean, eta horietako askok ospea lortu zuten lanbidean.

Garaik itxura berezia du: baserriak aldapa malkartsuetan ageri dira. Eraikin horietako asko XV. mendean egin zituzten, Erdi Aroko txabolak ordezkatuz. Herri honetan lurra lantzen dute oraindik ere. Gaur egun bertako herritar asko kalera jaisten dira lanera egunero. Eraikin berriak ere egin dituzte, herrian sakabanatuta gehienak, antzina sortutako komunitateari jarraipena eta etorkizuna emateko.

Momoitioko San Juan ermitaren inguruko hariztiaren gerizpean hasiko dugu ibilaldia, Garaiko elizatearen iragana eta kultura-ondarea ezagutzeko. Momoitioko San Juanen K.o. jende-talde bat errotu zen. Badirudi aurretik beste toki batean bizi zirela, gaur egun Garai dagoen lekuan, Tromoitioko gotorlekuan. Eta badirudi hura hutsik utzi eta Momoitiora joan zirela bizitzera. IX. mendeko sasoi horren ondoren, jendea berriro joan zen Momoitiora bizitzera. Momoitiora bizitzera joandakoek lurra landu, etxeak egin, eliza eraiki eta kanposantua egin zuten. Zirkulu- eta elipse-formako txaboletan bizi ziren. Adarrak elkarri lotuz eta gainetik buztina emanez egiten zituzten hormak. Belar lehorra edo antzeko beste gairen bat erabiliz eratzen zuten teilatua. Bizilekuaren inguruan beste txabola batzuk egiten zituzten, aleak, abereak eta abar gordetzeko. Familiak eta gertuko senideak inguruan bizi ziren. Herritarrek, abereak zaintzeaz gain, lurra ere lantzen zuten; barazkiak, sagarrondoak eta zerealak landatuz. Gizarte hura ez zegoen isolatuta. Aztarna asko kontuan harturik, jakin badakigu penintsulako iparraldeko beste herri batzuekin bazuela harremana.

Eliza izaten zen herrixkako erlijioaren eta gizartearen ardatza. Momoitiokoa laukizuzena zen, 15 m2 ingurukoa. Harriz eta zurezko zutabez eginik zegoen. Teilatua teilazkoa barik, egurrez eta landarez eginikoa zen. Aldarea ekialdean zegoen. Elizkizunak ez ezik, batzarrak egin, erabakiak hartu eta komunitateko liskarrak ere bertan konpontzen zituzten. Kanposantuan, lurrean zuloa eginez egiten zituzten hilobiak. Hilobi asko harlauza sendoz estaltzen zituzten (mendebaldean 7cm inguruko zuloak egiten zizkieten). Nahiz eta komunitatea kristaua izan, sepultura estaltzen zuten harlauzen zuloetan erritu-suak egin zituzten. Horrek esan nahi du kristautasunaren aurreko ohiturek bizirik zirautela. Hilobiak seinaleztatzeko eta ez apurtzeko, sepulturaren buruan (lurrean) harri bertikala sartzen zuten: estela edo hilarria. Gehienek ez zeukaten inskripziorik; hala ere, marrazkiak eta latinez idatzitako hitzak izaten zituzten (hildakoaren izena aipatuz, eta batzuetan egoera soziala ere bai). Aurretik Jaungoikoari erregutzen zioten, "In dei nomine". Hilarri horiei esker jakin dugu nortzuk izan ziren Momoitioko lehenengo biztanleetako batzuk: Aostarri, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni.

Gaur egun ermitaren aterpera hurbiltzen bagara eta baoetatik begiratzen badugu, barrua ikusteko aukera izango dugu. Leihoen aurrean IX. eta X. mendeetako hilarrien zatiak ikusiko ditugu. Hilarri horiek ermitaren inguruan aurkitu zituzten zaharberritze-lanak egin zituztenean. Barrurago erretaula dago, San Juan Bataiatzailea buru dela.

Ermitaren hegoaldean Erdi Aroko kanposantua berreraiki dute. IX. eta X. mendeetako hilobietako harriak errekuperatu eta garai hartan zeuden bezala ipini dituzte. Aurkitutako hilarrien zatiak osatu eta jatorrizko lekuetan jarri dituzte.

Ermitaren sakristiako bi leihoak erakustoki izateko prestatu dituzte. Argazkien, testuen, arkeologia-erreprodukzioen eta abarren bidez, bisitariak inguru honen garrantziaz ohartuko dira.

XII. mendeko aldaketa sozialen, politikoen eta ekonomikoen eraginez, Momoitioko San Juan gainbeheran joan zen. Herrixka batzuk beste batzuen gainetik jarri ziren eta euren elizetan egin zituzten aurrerantzean elizkizun guztiak (hiletak esate baterako), ermita txikiak baztertuz, eta ermitok baseliza apal bilakatuz.

Garairantz goazela, Santa Katalina ermita aurkituko dugu Oiz-Goiuri-Garai bidegurutzean. Duñaiturri baserrikoek sortu omen zuten arren, gaur eguneko eraikina 1773an berreraikitakoa da. Aipagarria da aurreko egurrezko balaustrada. Barruan Santa Katalinaren irudia (ermita santa horri eskainitakoa da) eta gurutzatutako Kristo handi bat ikusiko ditugu.

Ermitaren aurrean IX. edo X. mendeko sarkofago bat dago. Noizbait Momoitioko San Juan ermitatik eraman zutela ematen du. Toki honetatik ikuspegi zoragarria dago: Garaiko herrigunea, Berriz aldea eta inguruko beste herri batzuk ere ikusten dira ermita honen aterpetik.

Ibilbidean jarraituz, Garai herrian sartzeaz batera, San Juan Ebanjelariaren eliza edo "Elizabarri" aurkituko dugu bide bazterrean. Garaiko komunitatea txikia zenez, ezin izan zion eutsi bertako parrokiari. Berrizko San Pedro eta Abadiñoko San Trokaz baino askoz apalagoa zen. Aipatutako bi parrokietako arduradunek eurentzat nahi zituzten Garaiko fededunen hamarrenak. Euren helburua lortuz, Garaiko elizatea eta garaitarrak banatuta geratu ziren erlijio kontuetan, Berrizko eta Abadiñoko parrokien artean.

San Juan Ebanjelariari eskainitako eliza txiki hau 1550ean eraiki zuten, Berrizko San Juan parrokiaren filial modura. Bertan ez dute mezarik ematen gaur egun. Elizkizunen ordez, herriko kultura-ekitaldiak egiten dituzte noizean behin. Tenplu xumea da, nabe bakarrekoa. Burualdea oktogonala da eta sabaia haritz-egurrez eginda dago. Ez dauka taila eta polikromia konplexurik. Eta hori ez da ohikoa Euskal Herrian.

Antza denez, hasieran nabea harlanduzko bobeda batez estaltzeko asmoa zuten, baina parrokiak ez omen zuenez dirurik proiektu hura aurrera ateratzeko, aukera merkeago eta orijinalago baten alde egin zuen: zureria jartzea. Goiko korua ere, nabearen alderik alde dagoena, zurezkoa da. Arotzeria-lan guztia, sabaiaren egitura barne, 1616an amaitu zuten.

San Juan Ebanjelariaren txirotasuna elizaren barruko pintura apaingarrian ere antzematen da: tenple-pinturaz egindako lau margoren zatiak daude; arkitekturak, landare zurtoinak, horma-hobiak eta zutabeak irudikatzen. Garaiko eliztarrek benetako aldare trinkorik egiteko dirurik ez, eta margotutako erretaulekin konformatu behar izan zuten antza. Aldarekoak dira margorik zaharrenak (1550ekoak gutxi gorabehera), besteak barrokoak dira (XVII. eta XVIII. mendeetakoak).

Gaur egun bi erretaula daude aldamenetan. Egurrezkoak dira, urre-kolorekoak eta polikromatuak. Erretaula batek salomondar zutabeak dauzka. 1700ekoa da gutxi gorabehera. Erretaula Amabirjinari eskaini zioten. Goiko aldean Santa Ana ageri da, Amabirjina haurra lagun duela. Beste erretaulak toskanar zutabeak dauzka, ildaskadunak. Bestea baino klasikoagoa eta proportzioanatuagoa da. 1635. urtearen inguruan egin zuten. San Antonio Abad ageri da erdian, eta alboetan San Antonio Paduakoa eta San Lorenzo. Goiko aldean Santa Agedaren irudia dago.

Nabearen zoruan antzinako sepulturak daude. Hilobiok hiru edo lau harlauzaz estalita ageri dira. Gaur egungo kanposantua egin arte (XIX. mendea) hilobi horiek erabili zituzten. Elizak kanpandorre neoklasikoa dauka kanpoan, hiru gorputzetan eratutakoa eta kupuladuna. Durangoko Mateo Barrenetxea lan-maisuak diseinatu zuen 1850ean.

Elizaren ondoan abade-etxe zaharra dago. Fatxadako plakan ageri denez, etxe horretan jaio zen Balentin Zubiaurre 1837ko otsailaren 13an. Balentin Zubiaurrek musika asko konposatzeaz gain, Madrileko Errege Kaperako zuzendaria ere izan zen, 1878tik 1914an hil arte.

San Juan elizatik udaletxera doan galtzadaren amaieran Garaigoitia baserria dago. Baserri hori 1574an egin zuten, bertan zegoen baserri zaharrago baten ordez. Lope Garaik bultzatuta egin zuten eraikin berria. Lope 1560tik zegoen ezkonduta Marina Arriarekin, Berrizko familia aberatsenetako baten oinordekoarekin. Gaur eguneko eraikinak baserri-tipologia dauka, baina materialak eta apaingarriak ikusita (fatxadako mentsulak eta apaingarriz betetako leihoak), Italiako jauregi errenazentisten tankerakoa da. Fatxadako inskripzioan honako hau irakur daiteke:

"En el año de mil quinientos i sesenta i cuatro esta casa fue reedificada por Ioan de Garai i Lope de Garai i Arri su hijo señor de las dichas casas los quales fueron hiyos descendientes por linea reta varon de la casa de Urecha de Suso que es casa infancona i de notorios hiyodalgos i por la parte femenia de las casas de Uncella y Mallea. C"

Baserri hau erre egin zen XX. mendearen hasieran. Eraikinaren zati bat hondatu arren, suak ez zion kalterik eragin fatxada ederrari.

Elizateko plaza, Garaiko herriaren bihotza, baserri horretatik oso gertu dago. Plazaren erdi-erdian udaletxea ikusiko dugu. Elizateak bazeukan udaletxea XVIII. mendean, baina oso egoera txarrean zegoela ikusirik, hura bota eta berria egitea erabaki zuten. Mateo Barrenetxeak diseinatu zuen udaletxe berria 1850ean. Baserri ingurua kontuan harturik, atartedun baserria diseinatzea erabaki zuen, nahiz eta eraikina administrazio-lanak egiteko izan. Eraikinean udaletxea, herriko taberna eta udalaren beste zerbitzu batzuetarako lokalak prestatu zituzten.

1968an, Javier Ortega Uribeetxebarria arkitektoaren gidaritzapean, eraberritu eta gaurko itxura eman zioten. Fatxadaren erdian Garaiko armarria dauka. Udaletxearen barruan hainbat gauza ikusgarri gordetzen ditu:

Zubiaurre anaien margolan batzuk, elizateko lantza (1828koa) eta 1886an egindako udal-bandera. Batzar-gela berezia da. Bertako jarlekuetan Garaiko XVIII. mendeko baserrien izenak zizelkatuta ageri dira.

Garaiko plaza toki oso garrantzitsua da euskal folklorean. Bertan egiten duten dantzari-dantzak mendez mende iraun du Durangaldeko sei elizatetan: Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Abadiñon, Berrizen eta Garain. Dantzari-dantza ez da dantza bakarra, 9 dantza desberdin baino. 4 dantzek antzeko erritmoa eta koreografia dute: Banangoak, binangoak, launangoak eta zortzinangoak. Beste 3 dantzatan armak erabiltzen dituzte, makilak eta ezpatak. Hona hemen dantzen izenak: ezpata-joko nagusia, ezpata-joko txikia eta makil-dantza. Lehenengo dantzan, agintariarena deritzonean, aipagarria da elizateko banderari eragiten diotela. Plazaren erdian erakusten duten bandera Erdi Arokoa da jatorriz, baina gaur eguneko kopiarik zaharrena 1886koa da. Dantzari-dantza txotxongiloarekin amaitzen da. Dantza horretan dantzari bat, kapitaina, jasotzen dute taldeko kide guztien artean.

Dantzari-dantzaren ostean dantzariek, eskua elkarri emanez, soka bat eratzen dute erregelak dantzatzeko. Erregelen barruan aurreskua, atzeskua eta soltean dantzatzen dute. Garaiko andrek Santa Ana egunean, dantzari-dantzaren ondoren, dantzatzen dituzte erregelak.

Dantza horiek uztailaren 25ean (Santiago eguna) eta 26an (Santa Ana) dantzatzen dituzte, baina horiez gain beste inon egiten ez den bat ere dantzatzen da herrian: Gernikako Arbola. Uztailaren 25ean dantzariek San Migel elizatik San Juanera prozesioan eramaten dute Santiagoren irudia. Udaletxera iritsi ondoren, segizioa gelditu egiten da eta, santuaren aurrean banderari eragin eta gero, Gernikako Arbola dantzatzen dute ezpatak hartuta, santuaren omenez. 26an bide berdina egiten da, baina alderantziz, San Juanen hasi eta San Migelen amaitu. Orduan ere dantza hori egiten dute plazan.

Plazan bi jatetxe daude. Bidaiariak inguruan egindako txakolina edan dezake adibidez, eta gosea izanez gero, eskualdeko produktuak jateko aukera ere badago. Tabernetako bat, Herriko Taberna, udaletxeko beheko solairuan dago. Sasoi batean udala zen bertako jabea. Aurreko mendeetan taberna eta ardo-saltokia izan zen. Beste jatetxea, Garai Jatetxea, udaletxearen aurrean dago eta 60ko hamarkadan hasi zen martxan.

Amaitu orduko, plazaren alde batean dagoen ikuspegi panoramikora hurbilduko gara. Durangaldeko mendiei begira gozatzeko toki zoragarria da. Hasi Anboton, Mari jainkosaren bizilekuan, eta Mugarran amaitu arte, mendi ilara ikusgarria aurkituko dugu: Mugarra, Untzillatx, Saibigain, Eskubaratz eta abar.

Plazatik irten eta San Migel Goiaingeruaren elizarantz joango gara, gaur egungo parrokiara. Bidearen eskuma aldean, frontoiaren aurrean, Zubiaurretarren etxea dago. XX. mendearen hasieran eraikitako etxe hau Euskal Herriak eman duen intelektual-familiarik garrantzitsuenetako baten aterpea izan da.

Katearen lehenengo maila Balentin Zubiaurre Urionabarrenetxea [1837 - 1914] musikaria izan zen. Hainbat estilotako musika-lan ugari sortu zituen. 1878an Hilarion Eslava maisuaren ordez hasi zen Madrileko Errege Kaperako Zuzendari eta Irakasle modura. Eta horretan aritu zen harik eta 1814an hil zen arte. Bere semeak, Balentin [1879 – 1963] eta Ramon Zubiaurre Agirrrezabal [1882 – 1969] XX. mendeko euskal margolari garrantzitsuenetako bi izan ziren. Alaba, Pilar Zubiaurre Agirrezabal [1884 – 1970] idazlea, kultura-sustatzailea eta emakumearen emantzipazioaren bultzatzailea izan zen Madrilen eta, erbestean, Mexikon. Familia honi loturiko beste pertsona garrantzitsu bat ere aipatu behar da: Ricardo Gutierrez Abascal [1888 – 1963]. "Juan de la Encina" ezizena zerabilen gizon hura XX. mendeko arte-kritikari ospetsuenetako bat izan zen. Anaia margolariek lotura estua zuten dantzari-dantzarekin, eta horren adierazgarri da fatxadako oroigarria. Familiako kideak gogoratzeko etxeko lorategian zenbait zuhaitz landatu zituzten.

Ibilbidearen amaieran San Migel Goiaingeruaren eliza aurkituko dugu. Hasierako eraikinari buruzko oso datu gutxi dauzkagu. Ingurua txukuntzen aritu zirenean sepultura batzuk aurkitu zituzten (estalki monolitikodunak eta zulodunak burualdean), Momoitioko San Juanen egindako indusketetan aurkitutakoen antzekoak. Historialariek VIII. eta XI. mendeen artean kokatu dituzte.

Gaur egungo eliza XVI. mendean egin zuten. Barrura sartzeko bi ate dauzka. Ateak erdi-puntuko arkudunak dira, dobeladunak. Kanpandorrea 1855ekoa da, Durangoko Pedro Jose Astarbek egindakoa. Hasieran ermita izan arren, 1545ean parrokia maila eman zioten. Hala ere, aurrerantzean Abadiñoko San Trokaz parrokiaren menpe jarraitu zuen. Garaitarrek eskari bat egin zioten Abadiñoko parrokiari: Abadiñoko abade bat Garain bizitzea. Eskatu eta 1555ean lortu. Berrizko Juan Ramon Iturriza historialariak dioenez, 1739an elizak 29 sepultura zeuzkan barruan eta bertako abadea 150 eliztarren zerbitzura omen zegoen, guztira 32 etxeri laguntzeko. Bere jurisdikzioan errota bat, taberna bat eta Momoitioko San Juan ermita ere bazeuden.

Gaur egun barruan erretaula neoklasiko bat dago. Bilboko Santiago katedraletik ekarritakoa da. Erdian San Migelen irudi bat eta inguruan erliebean egindako irudiak daude: Jesus haurraren jaiotza, Erregeak gurtzen, Egiptoko ihesa eta abar.

Alboetan beste irudi batzuk daude. Eskuman Santiagoren irudia (prozesioan ateratzen dutena), eta ezkerrean XVI. mendeko Andra Mari ederra. Elizako hormetan Zubiaurre anaien bi koadro eder ere ikus ditzakegu. Koadroetako bat Ramon Zubiaurrek egindako kopia da, Frai Angelicoren Deikundea irudikatzen duena. Beste koadroan Andra Maria ageri da, ondoan bi ezpata-dantzari dituela. Baserriko emakume batzuk otoitzean ere ageri dira, baserri giro idealizatuan.