Turismoa

 

San Juan eliza ere XVI. Mendekoa da. Errenazimendu estiloko bi ate ditu eta dorre neoklasikoa. Manuel Fermin Bidaurre eta Mateo Barrenecheak diseinatu eta 1850.ean eginikoa. Edifizioaren gainekaldea oso interesgarria da, bertako harotz lan ikaragarria kontutan hartzen badugu Bizkaiko bakarrenetakoa dela esan baitaiteke. 1988an egindako konponketetan hainbat horma-pintura agertu zen.

Juan Ramon Iturriza historilariak 1793an idatzi zuenez, eliza hau 1550. Aldera eraiki zuten, Berrizko San Juan parrokiaren menpe eraiki ere. Berrizko abade bat, gainera, Garain bizi izan zen 1572tik aurrera. Barrualdean, garai hartan, 17 hilobi zeuden eta honako ondasun hauek zituen bere barrutikoak: 21 etxe 96 bizilagunekin, ola bat, bi errota eta Santa Katalina baseliza. 1882an utzi zion parrokia izateari. Gaur egun, berriztatze lanak egin eta gero, erakusketak eta beste zenbait kultur ekintza antolatzeko erabiltzen da.

Elizaren aurrean sakristauaren etxea dago. Etxe honetantxe jaio zen, 1837ko otsailaren 13an, Balentin Zubiaurre musikaria.

(1994eko uztailaren 25ean)

Testua: Gerediaga elkartea